Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Urdaibain bi eraikin izango dituen Guggenheimen egoitza berri bat jartzeko proiektuaren aurrean, behean sinatzen dugun sortzaile eta, kultur eragileok gure iritzia plazaratu beharra dugu, gure ustez erakundeen jarrera guztiz arduragabea izaten ari baita parte garen kulturaren arloarekin.
Lehenik eta behin, Guggenheim Urdaibai Stop herritarren mugimenduari elkartasuna adierazten diogu, ingurune natural pribilegiatu hau errespetatua izan dadin eskatzeko. Ezin dugu onartu artearen eta kulturaren izenean naturari kalte egitea. Unescok Biosferaren Erreserba izendatu duen ingurua guztiok zaindu behar dugu. Kultur eragileok izan behar dugu gure ahotsa altxatzen lehenak, Urdaibaiko floraren eta faunaren aniztasuna arriskuan jarriko duen proiektu baten aurka.
Hala ere, gure aldarrikapena ez da Urdaibain amaitzen. Kultur erakunde eskudunei, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari galdetu nahi diegu zer estimazio egin dituzten proiektu honen epe ertaineko kostuari buruz, ez eraikuntzari buruz bakarrik, baita mantentzeari buruz ere. Zein aurrekontutatik aterako dira kopuru horiek? Nola eragingo die beste kultur jarduera batzuei, bereziki euskaraz egindakoei? Jakin badakigu Eusko Jaurlaritzak Guggenheim Bilbaori ematen dion laguntza ekonomikoa urtean 8 milioi euro ingurukoa dela, eta zaila egiten zaigu sinestea inbertsio ekonomikoak ez duela zuzeneko eraginik izango kulturaren aurrekontuetan. Alde horretatik, erantzukizuna eta gardentasuna eskatzen diegu erakundeei: egin nahi dituzten kontuak argitara eman ditzatela, eta kulturaren munduan izango dituzten ondorioak zintzotasunez azal ditzatela.
Azkenik, eta ildo beretik, adierazi nahi dugu euskal lurraldeko edozein lekutan Guggenheim museo berri bat eraikitzeko proiektuak ez diela erantzuten euskal kultura-ingurunearen beharrei, nahiei eta proposamenei. Kulturaren hainbat arlotako eragileek erakundeei jakinarazi diete zer arazori egin behar dieten aurre: sortzaileen prekarietateari eta sustapen faltari, besteak beste.
Hala ere, erakundeek ez dute kultur plan estrategikorik garatu, ez arazoak identifikatu eta diagnostikatzeko, ezta konponbideak proposatzeko ere. Azken urteotako inbertsiorik handienak, batez ere Bizkaian, eraikuntza handietan eta birmoldaketetan oinarritu dira, eta ekintza indibidualizatu horiek eragin handia izan dute aurrekontuetan, baina ez dute inolako eraginik izan edukien sorkuntzan, bokazio sortzaileak eta lankidetza-sareak sendotzean. Inbertsioa handia izan den arren, kulturaren munduan izan duen eragina ia ez da nabaritu ere egin, kultura-eragileen adierazpenei entzungor zenbateraino egiten zaien erakutsiz.
Horren arrazoia da erakundeek gero eta gehiago ulertzen dutela kultura turismoa erakartzeko eta masak entretenitzeko tresna gisa, eta ez identitate kritiko eta kolektiboak eraikitzeko tresna gisa.
Gure lurraldeko eragile guztiak kontuan hartuko dituen kultura-plan estrategiko baten ordez, kultur komunitateak eskatu ez duen eta nahi ez duen museo bat pribilegiatzeak oso nabarmen erakusten du turismoa dela helburu publikoa, eta ez Euskal Herrian bizi garenok.
Horregatik, Guggenheim Urdaibairen proiektuari amaiera emateko eskatzeaz gain, gure lurraldeko biztanleentzat kultura propioa, aberatsa eta bizia sustatzeaz arduratzen diren erakundeak entzun, errespetatu eta aintzat har ditzaten eskatzen dugu.
Ez gure izenean!
Guggenheim Urdaibai Stop!
Kulturako jendea, artistak eta sortzaileak oihu egiteko prest. Urdaibai eta tokiko kultura arriskuan daude!

Erosi gure materiala: txapak, pankartak, pegatinak eta kamisetak. Lortutako diru guztia auzitegiko gastuei aurre egiteko da.
EROSI!
Eman zure tanta txikia! Tantaz tanta olatu erraldoi bat eraikiko dugu eromen hau geldiarazteko! Zure laguntza behar dugu!.
DONAZIOA EGIN!
Parte hartu antolatzen ditugun ekintzetan: ekitaldiak, hitzaldiak, manifestazioak, ibilbideak, etab. Elkarrekin bat egiten dugu!
PARTE HARTU!