GUS Urdaibaiko Museoa Stop Herri Plataforma
1.- Agintari politikoek behin eta berriro esan dute Guggenheim Urdaibai proiektua estrategikoa izango dela Busturialderako. Eskualde honetako bizilagunok ez daukagu planaren gaineko informazio zehatzik, baina eskubide osoa dugu plan hori ezagutzeko. Gainera, proiektua sakon aztertzeko eta gure ikuspuntua adierazteko aukera izan gura dugu, agintariek gure iritzia kontuan har dezaten. Horregatik, benetako informazio gardena emanda, partaidetza-prozesua irekitzea eskatzen dugu.
2.- Oraingoz, proiektuaren zati batzuk baino ez ditugu ezagutzen, eta bereizita aurkeztu dira dagozkien administrazioetan. Plan partzial horiek ez dute legea betetzen, eta herritarrek ezer jakin barik egin dira. Inguruko udal batzuek, Muruetakoak esaterako, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeko prozesua hasi du, ontziola kokatzen den eremuaren kalifikazioa industrial izaterik ekipamental izatera aldatzeko. Horrela bakarrik kokatu ahal izango litzateke museo bat Ontziolak okupatzen duen tokian. Guggenheim Urdaibai Stop (GUS) plataformak 7.175 sinadura bildu ditu aldaketa horren aurkako alegazioak babesteko.
Gaur egun Astilleros de Murueta SA dagoen kosta-zatiaren babes-zortasuna, 100 metrotatik 20 metrotara murriztea izan da. Aldaketa honekin, museoari lekua egin diote. Plataformak, aldaketaren aurkako demanda jarri du Audientzia Nazionalean agindu hori deuseztatzeko eta 100 metrotako babes-zortazuna berriz deklartzeko.
3.- Era berean, zuzenean jo dugu proiektu horren jatorrira, eta gutun bat bidali diogu Ameriketako Estatu Batuetako Guggenheim Fundazioari, Busturialdeko 22 bizilagunek sinatua. Gutun horren bidez, gure atsekabea eta ardura helarazi gura izan dizkiogu, batez ere komunikabideen bidez jasotzen ari garen informazioa dela eta. Proiektu hau gauzatzeko, beharrezkoa da Urdaibaiko lursailak usurpatzea. Guggenheim Fundazioari bidalitako gutunean jarduera horren aurka azaldu gara, eta proiektua behin betiko bertan behera uzteko eskatu dugu.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Biosfera Erreserba bakarrari dioten errespetu faltaren aurrean, galdera egin diegu ea Estatu Batuetako Yosemite edo Yellowstone parke nazionaletan horrelako proiektu bat egiteko prest leudekeen. Gutuna otsailean bidali genuen; ez dugu erantzunik jaso, ezta espero ere.
Horren aurrean, Guggenheim Urdaibai Stop herri-mugimenduko kideok hitzaldiak ematen ari gara biosfera-erreserbak barne hartzen dituen herrietan, komunikabideen bidez eta beste iturri batzuen bitartez batzen ari garen informazioa zabaltzeko. Jardun horretan, herritarren zalantzak eta kezkak entzun eta erantzuten ditugu, ahal dugun neurrian. Lan hori ez dagokigu guri, Administrazioari dagokio; baina Administrazioak ez duenez betetzen herritarrekiko duen oinarrizko eginkizun hori, guk egin behar izan dugu.
4.- Administrazioak ez du tutik esaten. Bien bitartean, komunikabideek harropuzkeriaz argitaratzen dituzte proiektuaren gaineko albisteak, bata bestearen atzetik.
Gertaera horien aurrean, Guggenheim Urdaibai STOP herri mugimendua hitzaldiak ematen ari da, bai Busturialdeko herrietan zein Euskal herriko herri ezberdinetan, bildutako informazio guztia hedabideen eta beste iturri batzuen bidez zabaltzeko asmoz. Topaketa horietan gure bizilagunen kezkak entzuten ditugu, eta proiektuaren inplikazioei buruz sortzen ari diren zalantzak argitzen saiatzen gara. Lan hori ez dagokigu guri, Administrazioak egin beharko luke; baina Administrazioak herritarrekin dituen oinarrizko betebeharrak betetzen ez dituenez, geuk hartu behar izan dugu ardura.
5.- Busturialdeko udalerrietan mozio bat aurkeztu dugu. Bertan puntu bi eskatzen dira:
a. Guggenheim Urdaibai proiektua behin betiko alboratu dezatela eskatzeko Bizkaiko Foru Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Guggenheim Fundazioari.
b. Eskualdea suspertzeko plan sozioekonomiko serio bat egiteko konpromisoa hartzeko, diagnostiko erreal batekin eta Biosfera Erreserbaren markoan, herritarrak eta ingurumena lehenetsiz. Gainera, eredu inposatzaileetatik urruntzea beste gobernantza-eredu bati heltzeko, udalak protagonista direla, eskualdeko eragileekin batera eta partaidetza publikoa bultzatuz.
6.- Sare sozialei dagokienez, proiektuaren aurkako sinadurak biltzen ari gara Interneteko webgune batean, eta Instagramen, Xen, Mastodonen eta Facebooken ere aurkituko gaituzue, bertatik jende gehiagorengana iristeko asmoz.
Bestalde, herri-mugimendu modura ere eratu gara, Busturialdeko bizilagunek Administrazioaren aurrean erantzun bateratua eman ahal izateko. Hementxe gaude!
7.- Aurreko udal hauteskundeetan, aldaketa nabarmena gertatu zen Busturialdean. Aldaketa hori nabarmen indartu da Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeetan; izan ere, museoa eraikitzearen alde dagoen alderdiak boto asko galdu ditu, zehazki 892 boto, eta eskualdeko ia herri guztietan emaitza negatiboak izan ditu. Egungo egoera politikoaren aurrean, proiektua berriro mahai gainean jartzeko eskatzen dugu, baina oso-osorik, eta ez hainbat plan partzialetan banatuta, bere onarpena errazteko egin den moduan.
Muruetako ontziolaren legez kanpoko jarduera gelditzea eskatzen dugu, bai eta proiektu horri lotutako esleipenetarako diru publikoa banatzeari uztea eta hausnarketa-prozesu bati ekitea ere. Berriro hutsetik has dadila.
Seriotasunez aztertu behar dira gure eskualdeko beharrak. Etorkizuneko beharrei ganoraz erantzungo dien plan sozioekonomikoa behar dugu, ingurumena eta herritarrak lehen lerroan jarriko dituen plana.
8.- Azkenik, Gernika-Lumo udalerriaren izena errespetuz tratatzea eskatzen dugu. Bertan, gertaera eta egoera izugarriak bizi izan dira, Gernika mundu osoan ezagutzera eman dutenak. Gaur egun, ezin dugu onartu gure eskualdeko herri baten izena frankizia batekin lotzea. Ez egin irainik!
Erosi gure materiala: txapak, pankartak, pegatinak eta kamisetak. Lortutako diru guztia auzitegiko gastuei aurre egiteko da.
EROSI!Eman zure tanta txikia! Tantaz tanta olatu erraldoi bat eraikiko dugu eromen hau geldiarazteko! Zure laguntza behar dugu!.
DONAZIOA EGIN!Parte hartu antolatzen ditugun ekintzetan: ekitaldiak, hitzaldiak, manifestazioak, ibilbideak, etab. Elkarrekin bat egiten dugu!
PARTE HARTU!