Biosfera Erreserbak UNESCOk Man & Biosphere programaren barruan sorturiko figurak dira, eta honela defini daitezke:
«garapen jasangarrirako ikaskuntza- eta entsegu-espazioak» edo «jasangarritasunerako lurraldeak».
Planetako leku hauetan ikuspegi desberdinekin esperimentatzen da, bilakaera soziala, ekologikoa eta ekonomikoa ulertzen saiatzeko, eta gizarte-kontzientzia sustatzen da bizimodu jasangarri baterantz. Gurea, Bizkaian dago, Busturialdeko eskualdean eta bere baitan eskualdeko 22 udalerrietatik 19 hartzen ditu.
1984an Biosfera Erreserba izendatu zen Urdaibai
Paradisu natural honen erdigunea Oka ibaia izanik, estuarioa bihurtzen da Kantaurian itsasoratu baino lehen eta animalianahiz giza- bizitzaz beteriko paisaia ikusgarria sortzen du.
Urdaibai muino txikiz inguratutako paduraz osatuta dago eta 23.000 hektarea inguru hartzen ditu; hegoaldean Oiz mendia du
muga; ekialdean, Arbolitz punta; mendebaldean, Matxitxako lurmuturra eta iparraldean, Izaro uhartea.
Bere aberastasun naturalaz gain, Urdaibai historiaz beteta dago, 15.000 urtez Urdaibai Biosfera Erreserba moldatu duten 22
udalerritan sakabanatutako 45.000 biztanleen ekarpenei esker. Eta herri mugimenduei esker baita, UNESCOk izendatu zuen
Biosfera Erreserba. 1968an, aurreko mendetik zetorren dinamika garatzaileari jarraituz, garai hartako Bizkaiko Diputazio
Probintzialak “Mundakako itsasadarra ustiatzeko Plan Berezia” izeneko proiektua agindu zuen, Gernika eta Mundaka arteko
lurrak lehortu eta urbanizatzeko proiektu erraldoia proposatuz.
Gertakari honek hain zuzen eskualdeko bizilagunak batu zituen, Urdaibaiko itsasadarreko ekosistemen suntsipenari aurre
egiteko. Horrenbestez, Eusko Jaurlaritzak 1984an, Oka ibaiko arro osoa M&B programan sartzeko proiektua aurkeztu zuenUNESCOn. Urte horren amaieran bertan, Biosfera Erreserba izendatu zuen UNESCOk, eta Urdaibai izena jarri zitzaion.
Urdaibai, Biosfera Erreserba izanik…
Urdaibai, Biosfera erreserba izanik, bere gain hartu behar ditu funtzio hauek:
- Kontserbazio funtzioa: Gaur egun Urdaibain dugun ondare kulturala, gizakia eta ingurunearen arteko 15.000 urtetik gorako bizikidetzaren ondorio da. Horren erakusgarri dira, esaterako, Santimamiñeko haitzuloa, Ereñozarreko gaztelua, Euskara bera, Gernikako Arbola edo gure errituak, ohiturak eta elezaharrak. Kultur ondare horrez gain, espezieak, ekosistemak eta ondare geologikoa ere babestu behar dugu. Izan ere, Urdaibaik natura garrantzitsua hartzen baitu: 729 fauna-espezie, 821 flora-espezie, 86 habitat eta 43 geologia interesgune. Horrez gain, Natura 2000 Sarean dauden 3 Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremua (HBBE) du. Eta, hori guztia biribiltzeko, hezeguneak ere baditugu; Oka itsasadarra 1993tik RAMSAR hezegunea da. Gainera, galtzeko arriskuan dauden edo, europear Batasunaren interesekoak diren 85 espezie biltzen ditu.
Kontserbazioa bermatzeko Plana, Urdaibai Biosfera Erreserbako Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana (EKZP)da. Dokumentu hori arau-emailea da, Urdaibai Biosfera Erreserbako lurzoru ez hirigarrian zer jarduera egin daitezkeen arautzen duena, jasangarritasunaren ikuspegitik.
- Garapen jasangarrirako funtzioa: Biosfera Erreserbak, esperimentazio-espazioak dira. Urdaibai ere, laborategi egokia da garapen jasangarriko ereduak ezartzeko, jardunbide egokiak esportatzeko edota probatzeko. Horregatik gazteen etorkizuna bermatzeko, garrantzitsua da ekosistemek gizakioi eskaintzen dizkiguten zerbitzuekiko errespetua izatea eta garapen sozioekonomiko jasangarria sustatzea, ingurunearen ikerketa eta biztanleriaren hezkuntza bultzatuz. Garapen jasangarriaren funtzioa betetzeko Plana Jarduera Sozioekonomikoen Egokitzapenerako eta Garapenerako Egitaraua (JSEGE) dugu. Programa hori Urdaibaiko Legea garatzeko tresna da. Horren helburu nagusia da Urdaibai Biosfera Erreserbako ekoizpen-sektoreen jarduerak bultzatzea, orientatzea eta koordinatzea.
- Laguntza logistikorako funtzioa: Ezagutzen ez denak ez du interesik, ez balioespenik pizten; horregatik, funtzio honen helburua da tokiko, nazioko eta munduko kontserbazio eta garapen jasangarriko gaiekin lotutako ikerketa, ingurumen-hezkuntza eta gaikuntza sustatzea. Ikerketa, datu zientifiko eta teknikoetan oinarrituta dago. Horiek lagungarriak dira batez ere kudeaketa eta plangintzari lotutako erabakiak hartzeko. Azkenik, laguntza logistikoaren helburuari erantzuten dion plana: Urdaibai Biosfera Erreserbako garapen jasangarriaren arloko Interpretazio, Ikerketa, Gaikuntza eta Hezkuntza Plana da. Dokumentu hau Urdaibaiko garapen jasangarrirako hezkuntzan lan egiten jarraitzeko bidea da. Eskualde interesgarri honetan bizi, lan egin eta gozatzen duten pertsona guztiek ibili beharreko bidea.
Urdaibaiko zonifikazioa
Urdaibaiko zonifikazioa aztertzen badugu, Biosfera Erreserba horrela antolatzen da:
- GUNE Zona: Urdaibaiko ekosistema bereziak eta kalteberenak hartzen ditu (estuarioa, kostaldea, ibaisarea, artadi kantauriarrak eta aztarnategi arkeologikoak), eta horietan, natur ingurunearen babesa lehentasunezkoa da. Eremu horiek «babes bereziko eremu» gisa kalifikatu ziren EKZPan, eta urgentziaz babestu beharreko eremu moduan Urdaibairen 5/1989 Lege propioan. Guneko zona bat baino gehiago izan daitezke, eta Urdaibain, zehazki, babes bereziko lau eremu daude: itsasadarra, itsasertza, artadi kantauriarra eta interes arkeologikoko eremuak (Santimamiñekoa, adibidez).
- NUKLEOA BABESTEKO Zona: EKZPan «babes-eremu» dena. Interes naturalistiko eta kulturala duten zonak hartzen ditu, ingurumen-sistema sentikorrak edo baliabide natural urriak (itsasertza, ibaiak eta errekak, artadia, paisaia). Honela banatzen da: itsasertza; ibai- eta erreka-ertzak; artadi kantauriarra; zuhaizti naturalak; higadura-arrisku handiko lurzoruak; eta maila handiko interes naturalistiko, paisajistiko (ikusmen- eta eszenografia-kalteberatasun handiko lurraldeak) eta historikoa (interes historiko-artistikoa eta kultural-paisajistikoa duten eraikuntzen zonak edo lekuak, instalazioak eta multzoak) duten espazioak.
- TRANSIZIO Zona: EKZPan nekazaritzarako, basogintzarako, landa-lurzoru komunerako, landabiztanleguneetarako eta sistema orokorretarako katalogatuta dauden eremuak dira.
Gaur egun, hainbat dira gure Biosfera Erreserbari hainbat babes neurri ematen dioten eta indarrean dauden lege eta konbenioak:
- Ramsar konbenioa (1993 Mundu mailakoa).
- Natura 2000 Sarea ( 2013 Europa mailakoa).
- Kantauri Ekialdeko Plan Hidrologikoa (Estatu mailakoa).
- 5/1989 LEGEA, uztailaren 6koa, Urdaibaiko Biosfera-Gebenaldea Babestu eta Antolatzeari buruzkoa.